Jakin nahi duzu zer deritzoten osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek hedabideetan argitaratzen den informazioari?
VÍCTOR VALADÉS
“Sinestezina da, 2018. urtean, osasun mentaleko arazoez modu negatiboan hitz egitea, edo osasun mentaleko arazoak ditugunok lan egiteko eta jendartean bizitzeko eskubidea dugula ez ulertzea.
Zaila da estigma errotik ateratzea. Inork ez daki zenbat sufritzen duten osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek. Gida hau eta antzeko ekimenak oso lagungarriak dira”.
ISABEL QUINTAIROS
“Osasun mentaleko arazoek biolentzia edo delinkuentzia eragiten dituztenean esaten denean nire mina eta nire hurbilekoen mina aintzat hartu behar dituzte informazioek.
Ez naiz biolentoa. Ez diot minik emango inori. Delitu bat egin eta, horrez gain, osasun mentaleko arazo bat izan dezaket, diabetesa edo hipertentsioa izan dezakedan bezalaxe. Baina ez duzue inoiz idatziko diabetiko edo hipertentso batek medikuari eraso egin diola. Nik ezta ere.
Ezagut nazazu. Galde egidazu. Nire esperientzia arazorik gabe kontatuko dizut, baina ez ezazu aurresuposatu imajinatu, ezta pelikuletako istoriorik sinetsi ere. Jokatu profesionaltasunez, hitz egin ezazu nirekin, ez diagnostikatzen nauten, laguntzen didaten edo zaintzen nauten pertsonekin. Ez dakizun guztia azalduko dizut; nire arazoetan adituena naiz.
JOSE LUIS HERRERA
“Funtsezkoa da komunikabideentzako jardunbide egokien gida bat sortzea osasun mentalaren gaineko mitoak eta aurreiritziak hausteko, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen esperientziez positiboki hitz egiteko eta suspertzeko aukera dagoela argi uzteko. Zoritxarrez, komunikabideek oso informazio gutxi dute osasun mentalaren gaiari eman beharreko tratamenduari buruz.
Oso garrantzitsua da estigma saihesten duen hizkuntza inklusiboa erabiltzea. Adibidez, psikosiaz hitz egitean, burura datorkigun lehen irudia Alfred Hitchcocken pelikula famatua da, baina psikosiak ez du zerikusirik psikopata izatearekin…”.
DIEGO YEPES
“Min handia ematen dit komunikabideetan osasun mentalari buruzko albisteak agertzen direnean, batez ere, gertaera edo tragediei buruz hitz egiten dutenak, adibidez, ‘German Wings’en kasuan. Osasun mentaleko arazoak ditugun pertsonen estereotipo oso negatiboa sortzen dute, eta horri aurre egin behar diogu. Lan egiteko eta gizarteratzeko ateak ixten dizkigu, eta isolamendura eramaten gaitu. Oso mingarria da”.
ASTURIASKO OSASUN MENTALEKO AFESA BATZORDEA
“Komunikabideek osasun mentala egunerokoarekin zerikusirik ez duen gai arraro, sekretu eta ilun bat balitz bezala tratatzen dute oraindik.
Presak, antsietatea eta estresa oro har eragiten dituen gizarte batean bizi gara. Gaitz psikiatrikoak lehen desgaitasun-kausa izango dira hurrengo hamarkadetan. Ezin dugu beste aldera begiratu, ezta osasun mentaleko arazoak gertaera anormal, arriskutsu edo negatibotzat jo ere. Gizakiari eta gizarteari datxekien gai hau normaltasun eta adeitasun handiagoz tratatu behar dugu beti, denoi zuzenean eragiten baitigu”.
MARÍA ISABEL GARCÍA
“Garrantzitsua eta funtsezkoa da komunikabideetan osasun mentalari tratamendu zuzena eta ez-estigmatizatzailea ematea, osasunaz ari baikara. Gaiari errespetuzko ikuspegi positiboa eman behar zaio; eta osasun mentalaz errespetuz eta positiboki hitz egiteko, komunikabideak trebatu eta sentsibilizatu behar dira.
Komunikabide batean titular estigmatizatzaileak ikusten ditudanean, hasieran, min ematen didate eta atsekabetzen naute; horrek esan nahi baitu lan handia dugula aurretik osasun mentalari ematen zaion ikuspegia aldatzea lortzeko”.