Gaiak

Komunikabideek hartu behar duten lehen erabakia jorratuko dituzten gaien hautaketa da. Funtsezkoa da komunikabideetan osasun mentalaz hitz egitea erabakitzea, ez bakarrik hainbat urte barru lehen desgaitasun-kausa izango delako, herritarrak horretaz naturaltasunez hitz egiten hasteko lehen pausoa delako baizik.

HAUTAKETA

Komunikabideek hartu behar duten lehen erabakia jorratuko dituzten gaien hautaketa da. Garrantzitsua da hedabideetan osasun mentalari lekua egitea. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, 2030. urtean, osasun mentaleko arazoak desgaitasun kausa nagusia izango dira munduan; ondorioz, ikuspegi informatibotik garrantzitsuak dira, zalantzarik gabe.

Gainera, komunikabideetan osasun mentalaz hitz egitea erabakitzea herritarrak horretaz naturaltasunez hitz egiten hasteko lehen pausoa da.

Osasun mentalarekin lotuta historikoki isildu diren gaietako bat suizidioa da. Espainian, 10 pertsona hiltzen dira egunero beren buruaz beste eginda. Komunikabideak, errealitate horren berri emanda, prebentzio-aliatuak izan daitezke, baldin eta SALUD MENTAL ESPAÑA konfederazioaren #HablaDelSuicidio kanpainan zehazten diren Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioei jarraiki jokatzen badute.

IKUSPEGIA

Gaia aukeratu ondoren, hurrengo pausoa ikuspegia erabakitzea da: zein ikuspuntutatik kontatuko dugu istorioa? Aukeratzen dugun ikuspegiaren arabera, estigmatizazioa sustatu edo gizarteratzea lagunduko dugu.

GAIZKI: Genero-estereotipoak erabiltzea

Oro har, desgaitasunak dituzten eta, bereziki, osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeei, izatez, emazte, bikotekide, ama, profesional eta abar izateko aukera ukatzen zaie, eta komunikabideek errukiz eta paternalismoz tratatu ohi dituzte

ONDO: Osasun mentalaz hitz egitean genero-ikuspegia aplikatzea

Premiazkoa da nahasmendu mentala duten emakumeei ahotsa eta protagonismoa ematea. Betidanik, osasun mentaleko arazoak pertsonaren ‘ahuleziarekin’ o ‘erruarekin’ lotu izan ditugu; eta, emakumeen kasuan, aurreiritzi horiek are indartsuagoak dira.

Hedabideek irudi oker hori errotik ateratzeko eta osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen ikuspegia eta jarduerak zuzenean ezagutarazteko konpromisoa hartu behar dute.

MITOA:

“Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek ezin dute lan egin”.

ERREALITATEA:

Osasun mentaleko arazoak izateak ez du lan egitea eragozten, baldin eta pertsonak behar duten laguntza jasotzen badu.

“El relato de un enfermo mental emociona a la Reina y al Congreso”

GAIZKI: Ikuspegi paternalista erabiltzea

Osasun mentaleko arazoez hitz egitean, komunikabideek, zenbaitetan, ikuspegi paternalista eta errukarria erabiltzen dute. Pertsonen gaitasunak ikusarazi ordez, autonomia gutxi duten mendeko pertsonen irudia sustatzen dute.

ONDO: Erruki gutxiago, eskubide gehiago

Komunikabideetan osasun mentaleko arazoak ondo tratatzeko, funtsezkoak dira errespetua, berdintasuna eta pertsonen gaitasunekiko konfiantza.

Ez da komenigarria nahasmendu mentalen azalpen dramatiko edota sentsazionalista egitea, ezta paternalismoa, gupida, jakin-min morbosoa, gehiegizko babesa, urruntzea, fribolitatea eta antzeko sentimenduak debalde eragin ditzaketen alderdi emozionalak aipatzea. Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek beste guztion eskubide berberak dituzte, baina eskubide horiek bete-betean baliatu ahal izateko baliabide egokiak behar dituzte.

GAIZKI: Nahasmendu mentalen ikuspegi negatiboa azaltzea

Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eskubideak aldarrikatu behar ditugu. Aitzitik, betiere gai negatiboak aukeratzen baditugu, estigmatizazioa sustatuko dugu.

ONDO: Osasun mentalaz modu positiboan hitz egitea

Komenigarria da hedabideek osasun mentaleko arazoen ikuspuntu positiboa ere transmititzea, pertsonen gaitasunei arreta gehiago eta desgaitasunei arreta gutxiago eskainita. Ildo horretan, enplegurako sarbidea, bizikidetza ona, gizarte-harreman aberatsak, arreta-programa eraginkorrak eta beste hainbat gai jorratu daitezke.

“Un enfermo mental que quiso matar a su madre en Donostia será internado en un psiquiátrico”

GAIZKI: Indarkeria eta osasun mentala uztartzea

Sarri asko irakurri izan dugu gertaera bortitzekin erlazionatutako albisteetan, akusatuak (edo, ustez, delituaren egileak) osasun mentaleko arazoak dituela. Horrelako albisteen erruz, nahasmendu mentala duten pertsonak biolentoak, oldarkorrak eta arriskutsuak direla eta modu irrazionalean jokatzen dutela uste dugu; eta frogatuta dago hori gezurra dela.

Hainbat kasutan, eraso edo jokabide bortitz baten egiazko kausak (hala nola arazo sozioekonomikoak, genero-indarkeria, hezkuntza-arazoak) nahastu egiten dira, egileari problema psikiatriko bat egotzita. Beste kasu batzuetan, pertsonaren egoeraren gaineko informazioa isilean gordetzen da; ondorioz, albistea partziala da eta aurreiritziak indartzen ditu.

Komunikabideek nahasmendu mentalaren eta delitu-ekintzen artean egin ohi duten lotura azaltzeko, gizarteak ulertezinak diruditen jokabideak nola aztertzen dituen ikusi behar dugu.  Antza denez, ulertezinak diruditen delitu-ekintzak osasun mentaleko arazoei leporatzeak lasaitu egiten gaitu, zaila baita onartzea gizakiak gaiztoak izan gaitezkeela.

ONDO: Indarkeriaren eta nahasmendu mentalaren arteko lotura faltsua haustea

Jokabide biolento bat ezin da osasun mentaleko arazo batekin azaldu; izan ere, oso gutxitan aurki daiteke jokamolde bortitzak justifikatzen dituen arrazoi bakarra. Osasun mentaleko arazoak dituen pertsona batek beste edozeinek adina aukera ditu delitu-ekintza bat egiteko. Tratamendu integral bat jasotzen badu, gizarte- eta familia-giro egokian bizi bada, pertsona hori gizartean bizi daiteke, eta horrek ez liguke arazorik eragin behar.

Kazetariak bi aukera ditu: gertatutakoa zuzenean deskribatu dezake, besterik gabe (gertatutakoa nahasmendu mental bati leporatzera ausartu gabe), edo inguruabar eta kausa guztiak azaldu ditzake, osasun mentaleko arazoa alderdi bakartzat jo gabe.

MITO:

“Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak biolentoak dira”.

ERREALITATEA:

Ez da egia. Izan ere, ohikoagoa da osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek erasoak, tratu txarrak eta abusuak jasotzea, ekintza bortitzak egitea baino.

GAIZKI: Osasun mentaleko arazoak dituzten kolektibo jakin batzuk ikusezin bihurtzea

  • Pertsona desgaituak, bereziki emakumeak
  • Pertsona migratzaileak
  • Presondegi-erregimenean dauden pertsonak
  • Pertsona etxegabeak

Horrez gain, arreta berezia eskaini behar diogu emakumeen kalteberatasunari, eta sortzen ditugun informazio guztietan genero-ikuspegia txertatu behar dugu.

Zenbait kolektibok gizarte-diskriminazio larria pairatzen dute maiz, eta hori komunikabideetan islatu egiten da ezinbestean. Kolektibo horietako pertsona batek, gainera, osasun mentaleko arazo bat duenean, nahasmendu mentalari lotutako aurreiritziei bere kolektiboarekiko aurreiritziak gehitzen zaizkio.

ONDO: Kolektibo guztiak ikusgarri egitea

Hedabideek kolektibook gainditu behar dituzten berariazko zailtasunen berri eman behar dute. Bestetik, garrantzitsua da, kolektibo diskriminatuei buruzko albisteetan, kolektiboko kideei haien ikuspuntua azaltzeko aukera ematea.

MITOA:

Nahasmendu mentala… “pertsonaren edo senideen zigorra edo errua da”, “hereditarioa da”, “kutsakorra da”.

ERREALITATEA:

Osasun mentaleko arazoak hainbat alderdi biologiko, psikologiko eta sozialen ondorioa dira, ez dira ez pertsonaren ez bere familiaren errua.

GAIZKI: Senideak edo pertsona bera errudun jotzea

Oro har, arazo mentalak dituzten pertsonen jokabidearen errua familiei leporatzeko joera dugu, bereziki haurrak edo nerabeak direnean; edo, bestela, sintomak ‘izaera zail’ bati egozten dizkiogu. Bestetik, sarri asko aurresuposatzen dugu osasun mentaleko nahasmenduak dituzten adingabeek ezin dituztela egin beste haurrek egiten dituzten jarduera berak.

ONDO: Arreta berezia eskaintzea haurren eta gazteen osasun mentalari buruzko edukiei

Kolektibo horren gainean informatzean, iturri fidagarriak kontsultatu behar ditugu beti. Ez osasun mentaleko arazoak dituen pertsona ez bere senideak ezin ditugu nahasmendu mentalak eragindako jokabideen errudun jo.