Hizkuntza

Gida honetan agertzen diren titular guztiak espainiar hedabide ezberdinetan argitaratu dira

“La genialidad y el trastorno mental, a un paso”

ARAZOA: Aurreiritziak eta ikuskera okerrak izatea

KONPONBIDEA: Estereotipoak erabili aurretik, dokumentatu beharra dago

Eguneroko bizitzan denbora askorik ez badugu ere, oso garrantzitsua da aurretik dokumentazio-lana egitea, osasun mentalaren inguruko estigma betikotzen duten estereotipoak, ideia zaharrak eta sinesmen faltsuak saiheste aldera. Arazo nagusia da ez dugula ezta zalantzan jartzen ere irudikatzen ari garena errealitatearekin bat ote datorren. Aurreiritziak transmititzea ekiditen dugunean, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen gizarteratzea sustatzen dugu.

Horretarako, argi izan behar dugu arazo mentalak dituzten pertsonak:

  • …ez direla biolento edota oldarkorrak osasun mentaleko arazoak dituztelako.
  • …ez direla irrazionalak.
  • …lan egin dezaketela, eta umeak eta lagunak izan ditzaketela, beste guztiok bezala.
  • …ez dutela nortasun bikoitza.
  • …ez dute ez jenio ez artistak izan behar.

ARGI
UTZ
DEZAGUN

GURE USTEZ, ZER DIRA OSASUN MENTALEKO ARAZOAK?

  • Eskizofrenia
  • Nahasmendu bipolarra
  • Mugako nortasunaren nahasmendua
  • Depresioa
  • Antsietatea
  • Elikadura-nahasmenduak

ZER EZ DA OSASUN MENTALEKO ARAZO BAT?

  • Dementzia / Alzheimer gaixotasuna
  • Hartutako kalte zerebrala
  • Autismoa / Asperger sindromea
  • Downen sindromea
  • Epilepsia
  • Gaixotasun neurodegeneratiboak

“Un enfermo mental pide en el Congreso eliminar estigmas”

ARAZOA: “Gaixo mentalez” hitz egitea

KONPONBIDEA: “Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonez” hitz egitea.

Pertsonak definitzeko bizitzako alderdi ugari hartzen ditugu kontuan: adina, enplegua, gizarte-harremanak, bizimodua… “Gaixo mentalez” hitz egitean, pertsona ezaugarri bakar batera mugatzen dugu. Etiketa horrek pertsonaren iragana eta etorkizuna berridazten ditu, gaixotasunean arreta osoa jarrita.

Gainera, “gaixotasun mental” terminoa neutroa badirudi ere, ezinbestean pertsonari leporatzen zaizkion estereotipo negatibo asko dakartza berekin.

Hori saihesteko, “gaixo mentalak” terminoaren ordez “osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak” edo “nahasmendu mentala duten pertsonak” terminoak erabil ditzakegu.  Horrela, osasun mentaleko arazoak pertsonaren ezaugarri bat bezala irudikatzen dira.

“El Supremo reconoce a un esquizofrénico orensano su derecho a votar”

ARAZOA: Pertsonak gaixotasunen arabera etiketatzea

KONPONBIDEA: (Osasun mentaleko arazoak dituen) pertsona bere osotasunean azaltzea

Pertsonak, bai osasuntsuak bai gaixoak, ororen gainetik pertsonak dira.  Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek, beste edozein lagunek bezala, alderdi desberdinak (lanekoa, pertsonala, familiartekoa, etab.) dituzte. Horregatik, ez dugu pertsona horien dimentsio bakara erakutsi behar.

Pertsonak ez genituzke gaixotasunen arabera etiketatu behar: ‘eskizofreniko bat’, ‘depresibo bat’, ‘anorexiko bat’, etab. Hizkuntza hori erabiltzeak pertsona ezaugarri bakar batera, nahasmendu mentalera, murrizten duen estigma indartzen du, haren bizitzaren ezaugarri bat baino ez denean. Ez dugu “hiesdunez” edo “minbizidunez” hitz egiten; beraz, gure gomendioa da gauza bera egitea osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonekin.

“La esquizofrenia del PSOE: los socialistas se alegrarán si Rajoy es investido”

“Aluvión esquizofrénico de goles en Dortmund”

ARAZOA: Osasun mentaleko terminoak beste testuinguru batzuetan oker erabiltzea

KONPONBIDEA: Ez fribolizatzeko hizkuntza zaintzea

Bereziki, iritzi-artikuluetan edo kirol- eta kultura-sailean (non informazioa eta iritzia banatzen dituen lerroa ez den hain zehatza), noiz edo noiz eremu medikoko elementuak eta terminoak erabiltzen dira osasun mentaleko arazoekin zerikusirik ez duten egoerak, pertsonak edo gauzak deskribatzeko. Esate baterako, eskizofrenia terminoa egoera kaotiko, irrazional eta bitxiak adjetibatzeko erabili ohi da.

Badira esanahi bera transmititzen duten eta estigmatizazioa sustatzen ez duten beste esamolde asko. Terminook modu desegokian eta gutxiesgarrian erabiltzeak nahasmendua duten pertsonak mindu ditzake, eta, aldi berean, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen gizarte-irudia kaltetzen du.

MITOA:

“Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsona guztiak jenio edo artistak dira”.

ERREALITATEA:

Osasun mentaleko arazoak izateagatik ez dute dohain artistiko berezirik izan behar.

“La traumática vida de Sinead O’Connor: maltratos, vejaciones y un trastorno bipolar”

ARAZOA: Titular alarmista edo morbosoak

KONPONBIDEA: Osasun mentaleko arazoez naturaltasunez hitz egitea

Titularretan informazioaren sintetizazio oker eta sinplista egiten da sarri. AAzken urteotan, Internetek, komunikabide digitalek eta sare sozialek garrantzi handia hartu dutenez, joera hori asko orokortu da, titular deigarrienek pertsona gehiagoren arreta pizten dutelako eta, ondorioz, inbertsioaren itzulkina handitzen delako. Horrekin batera, hedabide digitalen berehalakotasunak ere titular alarmista eta morbosoagoak sortzeko joera areagotu du.

Osasun mentaleko arazoez naturaltasunez hitz egin behar dugu, gripe, traumatismo edo desgaitasun fisikoekin egiten dugun bezala. Osasun mentaleko zailtasunak osasun-arazo bat besterik ez dira, eta horrela tratatu beharko lirateke komunikabideetan. Horretarako, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak komunitatean, egoera arruntetan kokatu behar ditugu: etxean, lanean, aisiaz gozatzen edo gizarte-egoeretan. Bestetik, ez da komenigarria “osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen” eta “pertsona normalen” arteko alderaketa egitea.

“El Congreso reconoce el derecho a votar de 100.000 discapacitados intelectuales*”

ARAZOA: “Nahasmendu mentala” beste desgaitasun batzuekin nahastea

KONPONBIDEA: Informazio zehatza transmititzeko iturri fidagarrietara jotzea

Oro har, jendeak ez ditu ondo bereizten nahasmendu mentala eta desgaitasuna eragin dezaketen beste osasun-arazo batzuk. Horregatik, informazio okerra transmititzen da sarri.

Osasun mentaleko arazoak oinarrizko prozesu psikologikoei (hala nola emozioari, motibazioari, kognizioari, kontzientziari, jokamoldeari, pertzepzioari, ikaskuntzari edota hizkuntzari) eragiten dieten emozio-, kognizio- edota jokamolde-nahasmenduak dira. Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek zailtasun gehiago dituzte ingurune kultural eta sozialera moldatzeko, eta horrek ondoeza subjektiboa eragiten du. Zenbait kasutan desgaitasuna eragin dezakete, baina arreta egokia ematen zaienean, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsona askok autonomiari eta gaitasun pertsonalei eusten diete, inolako mendekotasunik gabe.

(* Oharra: Kopuru hori adimen-desgaitasuna duten pertsonen, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta narriadura kognitiboa duten pertsonen, hots, hauteskunde-erreformak xede zituen hiru kolektiboen, batura da.).