Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek oso gutxitan ematen dute informazioa zuzenean. Hainbatetan, haien senideek ematen dute informazioa; baina informazio-iturriak erakunde publikoak eta mediku edota zientzialariak izan ohi dira. Informazioaren xede diren pertsonei ez badiegu ahotsa ematen, ez ditugu beteko oinarrizko kazetaritza-arauak.
Haatik, protagonistei ahotsa eman behar diegu, haiek zuzenean azalduko baitute bizitako esperientzia. Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen testigantza jaso behar dugu, eta lekua egin behar diegu, ez biktima ez paziente gisa, baizik eta protagonista gisa, haien bizitzen jabe eta beste guztion eskubide eta betebehar berberekin.
Estereotipo eta aurreiritzi negatiboak baztertzeko, funtsezkoa da osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonengandik gertu egotea eta haien errealitatea zuzenean ezagutzea; horrek, etiketen ordez, pertsonak ikusten laguntzen baitigu. Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei haien istorioa zuzenean kontatzeko, haien ikuspuntua eta esperientzia komunikabideei helarazteko aukera eman behar zaie.
Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek suspertze-prozesuari ekin ahal izateko gainditu behar duten oztopo ikusezin garrantzitsuenetako bat estigma da. Estigmari aurre egiteko modurik onena osasun mentaleko arazoak dituzten edo izan dituzten pertsonak aurrez aurre ezagutzea da, haien ahotsak eta esperientziak entzutea.
Handiagoak dira kidetasunak desberdintasunak baino, ez bakarrik lau lagunetik batek bizitzan zehar osasun mentaleko arazo bat izan dezakeelako, baizik eta denok, herritar gisa, bete nahi ditugun helburu, amets eta nahiak eta gainditu beharreko zailtasunak ditugulako
DIVERSAMENTE
Plataforma hau bizitzako uneren batean larritasuna, etsipena, beldurra, ulertezintasuna, bakartasuna eta abar sentitu duten pertsona guztiei laguntzeko abiarazi zen. Plataforman osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak soilik dihardute lanean