Hedabideen rola oso garrantzitsua da, komunikabideek eragin handia baitute errealitateen pertzepzio sozialean. Aurreiritziak eta estereotipoak indartzeko ahalmena dute, baina, hein berean, haien kontra borroka egin dezakete.

Osasun mentalaren eremuan, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen estigma sortzen laguntzen duten ideia oker eta mito askok bizirik diraute oraindik. Hedabideek ulertu behar dute osasun mentalari ematen zaion tratamendu mediatikoak diskriminazioa saihestu dezakeela eta nahasmendu mentala duten pertsonei eskubide osoko herritar izaten lagun diezaiekeela.

Osasun mentaleko arazoak beti “besteek” dituztela uste dugunean agertzen da estigma.  “Haien” eta “gure” arteko bereizketa egitean, ahaztu egiten zaigu lau lagunetik batek duela edo izango duela osasun mentaleko arazoren bat bizitzan zehar. Denok izan gaitezke “beste” horiek bizitzako uneren batean. Edo baliteke beste horiek senideak, lagunak edo lankideak izatea. Haatik, ohiko osasun-arazoa bada ere, komunikabideetan, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak beldurra ematen duten edo baztertu beharreko “zoro” eta “biolentoak” bezala irudikatzen dira.

Komunikabideetako profesionalak, maila pertsonalean, kolektibo ezberdinen errealitateaz eta aniztasunaz kontzientziatu daitezke (eta behar dute), populazioari osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen irudi erreala erakusteko. Bestela, komunikatzaileek, nahi gabe eta gizarteko kide diren heinean, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen estigma betikotzen laguntzen duten sinesmen faltsuak eta estereotipoak transmititu ditzakete.

ALBISTE GUZTIAK DIRA GARRANTZITSUAK, BAITA ARTIKULU GUZTIAK ERE.

Azken urteotan osasun mentalaren tratamendu mediatikoa hobetu den arren, osasun mentaleko arazoen irudi oker eta negatiboa transmititzen da oraindik, batzuetan modu sotilean eta, beste batzuetan, modu esplizituan. Egunkari eta albistegietan, osasun mentalaren inguruko albisteak gertaeren atalean sartu ohi dira, jokabide antisozialen eta nahasmendu mentalen arteko lotura eginda. Sarri asko titular alarmistak eta sentsazionalistak argitaratzen dira. Agertzen diren informazio positibo bakarrak paternalistak izan ohi dira, eta pertsonen gabeziak eta beharrak azpimarratzen dituzte, haien gaitasunak alde batera utzita. Osasun mentaleko arazoak pertsonaren oinarrizko ezaugarri gisa irudikatzen dira, eta oso gutxitan pertsonaren ezaugarri bat bezala.

Errealitate bat ezagutzeko modurik onena errealitatera gerturatzea eta protagonistei, hots, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei, ahotsa ematea da.  Horregatik guztiagatik, komunikabideek (prentsak, irratiak, telebistak, Internetek) alderdi hauek kontuan hartu behar dituzte osasun mentalaren gaineko informazioak sortzean: erabiltzen duten hizkuntza, albistea ilustratzeko aukeratzen dituzten irudiak, hautatzen dituzten gaiak eta biltzen dituzten testigantzak.