Osasun mentala pertsonaren ongizatearen alderdi bat da. Denok zaindu behar dugu alderdi hori, eta adi egon behar dugu arazo bat sortzen denean aurre egiteko.

Osasun mentaleko arazoak faktore genetikoen, gizarte-ingurunearen eta bizitako esperientzien ondorioz agertzen dira. Ez dute zerikusirik ahuleziarekin, eta ez dira pertsonaren erruz gertatzen.

Gizartea aldatu egiten da, hazten da eta eboluzionatzen du; osasun mentalaren eremuan antzeko zerbait gertatzen da. Atzean utzi dugu jada osasun mentaleko arazoak kausa biologikoei soilik egozteko joera.

Osasun mentaleko arazoak pertsonen bizitzetako gertaera bat dira, ez dituzte pertsonak definitzen, eta bakoitzaren beharretan arreta jarrita aurre egin behar diegu.

Diagnostikoak eta etiketak alde batera utzi, eta arreta, ahalegina eta fokua pertsonaren gaitasun anitzetan jarri behar dugu.

Osasun mentaleko arazoak pertsonen bizitza ‘osoa’ direla sinesteari utzi behar diogu. Horren ordez, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek egunero gainditu behar dituzten oztopoetan jar dezakegu fokua.

Kontakizunaren ardatz, etiketen ordez, pertsonaren gaitasunak badira, pertsona horren autonomia eta erantzukizuna sustatuko ditugu, gizarteak osasun mentaleko arazoak hobeto onartuko ditu eta pertsonari suspertzen lagunduko diogu.

MITOA:

“Osasun mentaleko arazoak ez dira sendatzen”.

ERREALITATEA:

Arreta eta laguntza egokia jasotzen badute, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak suspertu daitezke.

ZERGATIK EGIN BEHAR DUTE LAN HORI KAZETARIEK?

Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei, begiratu batean, ez zaie osasun-arazorik antzematen; esan daiteke ez direla nabarmentzen beste guztion artean. Horregatik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak bereizteko, hedabideetan, sarri asko agertzen diren etiketak edota diagnostikoak erabiltzen dira.

Etiketatzeko joera horrek gizarteak osasun mentalaren gainean dituen aurreiritziak eta tabuak indartzen ditu. Eta, horren ondorioz, askotan, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek eta haien senideek arazoa isilean gordetzea erabakitzen dute; hortaz, gure kolektiboa “ikusezina” dela beste guztiontzat.

Gainera, etiketa horien erruz, nahasmendu mentala duten pertsonek haien eskubideak beste guztion baldintza beretan baliatzeko zailtasun gehiago dituzte.  Desberdintasun horrek gizarte-bazterketa egoera larriak sortzen eta garatzen ditu; eta, egoera horretan, zaila da osasun mentalak dituzten pertsonak eskubideen subjektu gisa ikustea. Ondorioz, ezin dituzte erabili hainbat zerbitzu eta ezin dira guztiz gizarteratu.