Zer da osasun mentala?

Funtsezkoa da hortik hastea terminoak ez nahasteko eta osasun mentaleko arazoak edo nahasmendu mentala dituzten pertsonez ari garenean zer esan nahi dugun zehazteko. OMEren arabera, ‘osasuna’, arazo edo nahasmendurik ez izatea ez ezik, ongizate fisiko, mental eta sozial osoa izatea ere da. Horrek esan nahi du ‘osasun mental’ terminoa ongizate fisiko eta psikikoarekin, nahasmendu mentalaren prebentzioarekin eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen tratamendu eta suspertzearekin lotuta dagoela.

Hortaz, osasun mentala ondo zaindu behar dugu. Osasun mentaleko arazo bat hautemateko eta hari aurre egiteko lehen pausoa adi egotea da.

Osasun mentaleko arazoek ez dute zerikusirik ahuleziarekin, eta ez dira pertsonaren erruz gertatzen. Osasun mentaleko arazo batek ez du inondik ere eragozten bizitza bete-betea izatea, lana aurkitzea, familia bat osatzea edo bizitzaren edozein alderdiz gozatzea.

Normalean ez du kausa bakar batek eragiten. Oro har, osasun mentaleko arazoak faktore genetikoen, gizarte-ingurunearen eta bizitako esperientzien ondorioz agertzen dira.

Osasun mentaleko arazo gehienak nerabezaroan edo gaztaroan hasi ohi dira, edo bizipen traumatiko baten ondoren; adibidez, lana galtzea, senide baten heriotza, banantzea edo kaleratzea. Nahiz eta nahasmendu mentala izateko aurrejoera genetiko handiagoa duten pertsonak egon, faktore hauek guztiak eragileak dira:

  • Substantzia farmakologiko gehiegi kontsumitzea
  • Alkohola eta drogak
  • Estresa
  • Familia-bizitza disfuntzionala
  • Gizarte-bazterketa egoerak 
  • Gerora agertutako egoerak
  • Nutrizio-ohitura txarrak
  • Presio kultural edota soziala

Horregatik, argi izan behar dugu, bizitzan zehar, guztiok izan dezakegula nahasmendu mentalen bat. Bestetik, gogoan izan behar dugu osasun mentaleko arazoak sendatu edo hobetu daitezkeela, eta nahasmendu mentala duten pertsonak gai direla ikasteko, lan egiteko, familia bat osatzeko, seme-alabak eta lagunak izateko.

Osasun mentaleko arazoak izateak ez du eragozten ez bizitza normala egitea ez gizartean guztiz integratuta egotea, baldin eta pertsonak behar duten laguntza jasotzen badu.

Horregatik, aukera-berdintasuna bermatzeko, funtsezkoa da banakako arreta jarraitua eskaintzea, bai eta gizarte-oztopo ikusezinak (aurreiritziak, estigma…) haustea ere.

ARGI
TUTZ
DEZAGUN

OSASUN MENTALA

  • Ongizate-egoera bat da
  • Nahitaezkoa da. Ez dago osasunik osasun mentalik gabe
  • Norbere gaitasunez jabetzea ahalbidetzen du
  • Ondo zaindu behar da
  • Beharrezkoa da bizitzako tentsio arruntei aurre egiteko

NAHASMENDU MENTALA

  • Ez da ez erru ez zigor bat
  • Ez da beti hereditarioa
  • Ez da kutsakorra eta ez du heriotza eragiten
  • Ez du esan nahi pertsonak adimen-gaitasun txikiagoa duenik
  • Ez du kronikoa izan behar
  • Ez du esan nahi pertsona arriskutsuak direnik ezta aurreikusi ezineko jokabiderik dutenik ere

KRISIAK ONGIZATE MENTALARI KALTE EGITEN DIO ERE

Herrialde garatuetan laneko baja hartzeko kausa nagusietako bat da, depresioa eta antsietatea sustatzen baititu. Joan den hamarkadan, Espainian, antsiolitikoen kontsumoa %571 igo da. Bestetik, 2006 eta 2010 bitartean, gogo-aldartearen nahasmenduek %19,4 gora egin zuten, eta antsietate-nahasmenduek %82

(1) Iturria: Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkartea(OCU).
(2) ) Iturria: Crisis económica y salud mental. 2014ko SESPAS txostena.

Guztiok ditugu nahasmendu mental bat izateko aukerak, beste osasun-arazo askorekin gertatzen den bezalaxe. Izan ere, lau lagunetik batek nahasmendu mentala izan dezake bizitzan zehar. Teorian, osasun mentaleko arazoetarako aurrejoera handiagoa duten pertsonak badaude ere, ingurune-alderdiak erabakigarriak izan daitezke nahasmendu mentalak eragiteko; beraz, inor ez dago salbu.

Segur aski, denok sentitu izan dugu noizbait tristura, antsietatea, insomnioa, etab.; baina sintoma horiek ez dira nahasmendu mentaltzat joko luze dirauen gizarte-jokaera problematiko bat (hots, gizarte-eremuaren, lan-eremuaren edo giza jardueren beste eremu garrantzitsuen narriadura) eta ondoeza subjektiboa eragiten duten arte.

Bizimodu osasungarria izateak, ondo jateak, erritmo lasaian bizitzeak, aldizka ariketa fisikoa egiteak, estresa eta substantzia toxikoen kontsumoa saihesteak osasun mentaleko arazoak prebenitzen laguntzen dute.

Ez nago ondo. Norengana jo dezaket orientazio eske?

Beste osasun-arazo guztiekin bezala, pertsona batek osasun mentaleko arazo bat izan dezakeela sumatzen badugu, gomendagarria da, zalantzak argitzeko, lehen mailako arretako medikuarengana jotzea.

Lehen mailako arreta-zentroak osasun-sistemarako sarbidea dira eta han baloratuko dute pazientea laguntza jasotzeko osasun mentaleko zentroetara bideratzeko beharra.

Laguntza ahalik eta lasterren eskatzen bada, hobea izango da osasun-arazoaren eboluzioa. Zentzu horretan, antzemate eta diagnostiko goiztiarra funtsezkoak dira osasun mentaleko arazoen garapenean.

Osasun-zentroetara ez ezik, SALUD MENTAL ESPAÑA konfederaziora ere jo dezakezu orientazioa eta informazioa osatzeko. Konfederazioak osasun mentalaren gaineko doako informazio- eta aholkularitza-zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen du. Ez baduzu indarrik edota adorerik zure lehen mailako arreta-zentroan laguntza eskatzeko, agian beste baliabideren bat erabil dezakezu, hala nola elkarren arteko laguntza-taldeak eta osasun mentalean diharduen mugimendu asoziatiboa.

Osasun mentaleko arazo bati aurre egiteko pertsona adina modu daude. Hasieran, inor ez dago prest inpaktua onartzeko, eta diagnostikoak pertsona egin ohi ez dituen betekizunak betetzera behartuko du.

Horregatik, nahasmendu mota eta intentsitatea alde batera utzita, osasun mentaleko arazo baten diagnostikoari aurre egiten dioten pertsona guztiek hauxe behar dute:

  • Gizarteak haien dibertsitatea onartzea.
  • Gizarteak haien erabaki-ahalmena errespetatzea.
  • Atazak egiteko autonomia izatea.
  • Gizarteak haien eskubideak babestea.
  • Nahasmendu mentalaren gaineko informazioa.
  • Lege-informazioa.
  • Arreta soziosanitarioa.

Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen senideek eta hurbilekoek diagnostikoaren ondorioak sufritzen dituzte baita ere.

Haiek ere denbora behar dute diagnostikoa onartzeko, hainbat nahasmendu mentalek familia- eta gizarte-ingurunean arazo handiak sor baititzakete. Era berean, sentimendu oso konplexu eta kontraesankorrak sentitu ditzakete, esaterako, errua (haien edo nahasmendu mentala duen pertsonaren errua dela), ukapena, katastrofismoa edota etsipena.

Horren aurrean, garrantzitsuena da osasun mentalaren gaineko informazioa eta trebakuntza jasotzea, babesten gaituen gizarte-sare bat izatea eta laguntza sozioekonomiko eta osasun-laguntza profesional egokia. Aipatutako sentimendu logikoez gain, ezin dugu ahaztu, kasu gehienetan, senideek, beharrezko prestakuntza eta baliabideak falta badituzte ere, zaintzaile rola bere gain hartu ohi dutela.

Oro har, osasun mentaleko arazoak indarkeriarekin lotura estua dutela uste dugu, baina sinesmen horrek ez du oinarri zientifikorik.

Ez da egia nahasmendu mentala duten pertsonak mota horretako arazoak ez dituzten pertsonak baino oldarkorragoak direnik, ezta ekintza bortitzak edo delituak egiteko aukera gehiago dituztenik ere.

Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak ez dira arriskutsuak gizartearentzat. Izan ere, ohikoagoa da osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek erasoak, tratu txarrak eta abusuak jasotzeko, ekintza bortitzak egitea baino.

Nahasmendu mentala duten pertsonek gutxitan eraso egiten diote beren buruari (suizidioa barne), senide edo hurbilekoei; hori gertatzen den kasu gehienetan, pertsonak ez du behar duen arreta edo laguntza jasotzen. Batzuetan, gainera, pertsona horrek edo haren hurbilekoek osasun-arreta jasotzeko ahaleginak egin dituzte, baina ez dute lortu.

Hortaz, funtsezkoa da, osasun-esparruan, nahasmendu mentala duten pertsonen tratamenduaren barruan banakako segimendu jarraituak egitea.

Esparru sozial eta kulturalean garrantzitsua da baita ere komunikabideek, osasun mentaleko arazoen berri ematean, ikuspegi positibo eta ez-baztertzailea hartzea.

Gertaera bortitzak nahasmendu mentalekin erlazionatzen baditugu, kasu gehienetan, gezurra esaten ariko gara eta, horrez gain, nahasmendu mentala duten pertsonak biolentoak, oldarkorrak direla eta modu irrazionalean jokatzen dutela pentsatzen jarraituko dugu.

ARGI
UTZ 
DEZAGUN

BIKTIMA EDO BORREROA?

Nahasmendu mental bat izateagatik pertsonak ez dira biolentoagoak. Sarri asko, eraso edo jokabide bortitz baten egiazko kausak nahastu egiten dira, egileari problema psikiatriko bat egotzita; baina beste kausa asko egon daitezke jokabide horren atzean:

  • Defentsa pertsonaleko egoerak
  • Arazo sozioekonomikoak
  • Drogak hartzea
  • Genero-indarkeria
  • Hezkuntzarekin lotutako faktoreak

Zenbait kasutan, ekintza bortitzak gizarteak edo osasun-sistemak arreta ez ematearen ondorioa dira.

Eskuarki nahastu egiten baditugu ere, zeharo desberdinak dira. Osasun mentaleko arazoek ez dute loturarik adimen-gaitasun txikiagoarekin.

MITOA:

“Nahasmendu mentala duten pertsonek adimen txikiagoa dute”.

ERREALITATEA:

Osasun mentaleko arazoek ez dute zerikusirik adimen-gaitasun txikiagoarekin.